14 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita, gazte bat atxilotu dute
Lau gizon atzeman dituzte asteburuan Bilbon,Donostian eta Gasteizen, ustez genero indarkeriagatik
Erredakzioa.
23 urteko gazte bat kartzelatu dute, Getxon (Bizkaia), 14 urteko neskato bati sexu erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, atxilotua abenduan jarri zen harremanetan neskatoarekin Internetez, eta elkartu zirenean egin zion sexu erasoa. Dena den, neskatoak ez zien gurasoei ezer esan, eta martxoaren 6ra arte ez zuen salaketa jarri.
Salaketaren berri izan bezain laster, Ertzaintza kasua ikertzen hasi zen. Orduan jakin zuen atxilotuak Bilboko mintzalekuak erabiltzen zituela neskatoarekin eta haren lagunekin hitz egiteko. Horietako batean atxilotu zuten, aurreko ostiralean. Epaileak aginduta, Basauriko (Bizkaia) kartzelan espetxeratu dute.
Herrizaingo Sailak adierazi du ez dela azkenaldian izan den halako kasu bakarra. Getxon, adibidez, beste bi kasu ikertu dituzte. Askotan, ordea, «beldurragatik» ez direla salatzen azaldu du.
Bestalde, asteburuan lau gizon atzeman dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, genero indarkeria delituak egotzita. Larunbatean, Bilboko udaltzainek 55 urteko gizon bat atxilotu zuten, ustez 51 urteko bikotekidea jo eta bultzatzeagatik. Udaltzainek jakinarazi dutenez, emakumeak harremana eten nahi zuela esan zion gizonari, eta orduan izan zen erasoa. Adiskidetasun kalean atxilotu zuten gizona. Udantzainen arabera, gizona edanda zegoen.
Igande goizean, berriz, ertzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten, Donostiako Gros auzoan, bikotekide ohia mehatxatu zuelakoan. Herrizaingo Sailaren arabera, bikotekide izandakoaren etxearen atarian hitz egiten ari zirela gizona oihuka eta mehatxuka hasi zen. Biktimaren ama hura lasaitzen eta etxean sartzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Gertaeren berri izan bezain laster, ertzainak hara joan ziren, eta gizonaren jarrera ikusita, Donostia Ospitalera eraman zuten, mediku azterketa egitera.
Arratsaldean, beste gizon bat atxilotu zuten, Donostiako erdiguneko etxebizitza batean. Bizilagun batek eman zien ertzainei gertaeraren berri. Hark azaldu zienez, bizilagun batek bikotekide ohia jo zuen. Ertzaintza hara joan zenerako, biktima alde eginda zegoen seme-alabekin. Gizona, berriz, etxean bertan atxilotu zuten. Emakumeak ordu batzuk geroago jarri zuen salaketa, eta ospitalera eraman zuten mediku azterketa egitera.
Bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta, berriz, gizon bat atxilotu zuten igandean, goizaldean, Gasteizko taberna batean. Udaltzainen datuen arabera, atxilotuak bikotekide ohiarekin egin zuen topo Gasteiz hiribideko taberna batean. Eztabaidan hasi, eta ustez gizonak emakumea jo zuen.




